
Nola eskuilatu hortzak, urratsez urrats.
Egokiena, hortzak otordu bakoitzaren ostean eskuilatzea da, afari ondoan, batez ere. Lo gautzala, guruinek listu gutxiago ekoizten dute eta hortzek babes ahulagoa daukate, mikrobioen aurrean. Mugimendu labur eta leunez osatuko da eskuilatze zuzena, hobi-ertzak, atzealdeko hagin urrunak eta buxadura, koroa eta bestelako konpontze-lanen inguruko aldeak bereziki artatuz. Egin ditzagun urrats hauek:
1. Goi eta behealdeko hortzen kanpoaldeko azalerak garbitu behar dira, lehenik, eskuila gora eta behera eraginez. Horretarako, eskuila hobi-ertzaren kontra 45º okertu eta ertz horretatik aurrerantz ekarri behar da, presio txikia eraginez.
2. Goi eta behealdeko hortzen barnealdeko azalerak garbitu behar dira ondoren, aurreko urratsean baliaturiko mugimendu eta angelu berberak errepikatuz. Hauxe da gehien baztertu ohi den garbiketa eta garrantzi handienekoa, beraz.
3. Eskuila atzeraka labur-labur higituz, hortz eta haginen murtxikatze-azalerak igurtzi behar dira, hurrena.
4. Igurtzi haginak mugimendu biribiletan, bertan legokeen zeinahi elikagai edo mikrobioren arrastoak askatzeko. Bai murtxikatzeko azalera, bai barne zein kanpoaldeak eskuilatu behar dira.
5. Hortz tarteetan legokeen elikagai hondakin oro bertatik erauzteko hortz-haria baliatu behar da, bertaraino eskuila heltzen ez bada. Ebaki hari mutur bat, bildu muturrak hatz banatan eta sartu, tenk, hortz tarteetan. Jarraiki hortzen kurbei, zeta gora eta behera higituz, hobiraino iritsi arte. Ibili kontuz, hobia ez kaltetzeko.
6. Igurtzi mingaina goxo-goxo eskuilarekin, bakterioak bertatik suntsitzeko eta arnas freskoagoa izateko.
7. Elixir batekin amaituz gero, garbitze lana harik eta zorrotzagoa izango da.